castellano castellano català català galego galego
Budismoa >> Lotoaren Sutra

Lotoaren Sutra

Budismoaren fundatzaile historikoa den Shakyamuniren irakaspenak, sutra bezala ezagunak diren testu-multzo ikaragarri batean erregistratuta daude. Sutren barruan budismoaren filosofia modu desberdinetan agertzen da. Hori faktore ezberdinek azal dezakete. 50 urtetan gutxi gorabehera, Shakyamunik bere garaiko herritarrekin bere irakaspenak partekatu zituen, India osoan barrena bidaiatuz. Bere filosofia sistematikoki azaldu beharrean, bere irakaspenak, nagusiki, elkarrizketaren bidez ematen zituen. Aurrekari-maila zabaleko pertsonekin bildu zen - estatuko ministroak zein eskolagabeko emakumezko eta gizonezkoak - eta haien galdera eta zalantzei erantzunak bilatzen saiatu zen. Berak, batez ere giza existentziaren funtsezko galderen erantzunak bilatzen zituen: Zergatik jaiotzen gara eta gaixotasunak, zahartzeak eta heriotzak eragindako halabeharrezko sufrimenduei aurre egin behar diegu?

Sutrak Shakyamuniren ondorengo urteetan laburbildu ziren. Lotoaren Sutra Kristo osteko I. eta II. mendeen artean bildu zela uste da. Sanskritoansutra-saddharmapundarika (hitzez hitz: "loto zuriaren dharma zuzenaren sutra") bezala ezaguna da. Mahayana sutra asko bezala, Lotoaren Sutrarena Asiako Erdialde, Txina, Korea eta Japoniarantz "iparraldeko transmisioaren" bidez barreiatu zen. Txinara, jatorriz, Kristo osteko III. mendean sartu zen, eta Lotoaren Sutra zenbait txinatar bertsio desberdinetara itzuli zela esaten da, horietako hiru bertsio oso oraindik existitzen direlarik. Kumarajiva monje jakintsuak (Kristo osteko 344-413) V. mendean egindako itzulpena bereziki nabarmentzat hartzen da; bere argitasun filosofikoak eta edertasun literarioak Asiako Ekialde osoan sutra horren benerazio zabalean zeregin garrantzitsua bete zuela uste da.

Lotoaren Sutrari buruz Kumarajivak egindako bertsioaren izenburuak, Myoho-renge-kyo,sutra osoaren funtsa hartzen du, eta horretan oinarrituz Nichirenek (Kristo osteko 1222-1282) Nam-myoho-renge-kyo errezitatzea bere funtsezko praktika budistatzat ezarri zuen.

Lotoaren Sutra, mundu honetan Shakyamuniren etorreraren asmoa betetzen duen sutratzat hartzen da, hitz hauetan adierazita: "Hasieran juramentu bat bota nuen, pertsona guztiak ni bezalakoak izatea lortzeko nahiarekin, haien eta nire artean inolako desberdintasunik egon gabe". Beste hitz batzuekin esanda, hauxe zen Shakyamuniren etorreraren asmoa: bera "Buda" edo "argitu" gisa ezaguna izatea eragin zuen argialdi edo iluminazio egoera perfektu berbera pertsona orok lortzea ahalbidetzea.

Lotoaren Sutrak dakartzan kontzeptu asko iraultzaileak ziren irakaspen budisten testuinguruan, baita garaiko testuinguru sozial zabalenean ere. Horietako asko ez daude berariaz adierazita, baizik eta testuan deskribatutako itxuraz dramatikoak eta fantasiazkoak diren gertaeretan ulertu edo gauzatzen dira. Sutraren geroagoko adituen, T'ien-t'ai (Kristo osteko 538-597) esaterako, talentuaren zati handi bat printzipio horiek ateratzeko eta sistematizatzeko duten gaitasunean dago.

Sutraren gai nagusi bat pertsona guztiek, berdinki eta salbuespenik gabe "Budaren izaera" dutela adierazten duena da. Lotoaren Sutraren mezua pertsonen fedea indartzea da haien Buda izaeran, jakituria, adorea eta errukirako berezko gaitasunean. Argialdirako guztion gaitasuna, tradizionalki aukera hori ukatu zaien pertsonen adibideen bidez frogatzen da, hala nola: emakumezkoak eta ekintza gaiztoak egin zituzten pertsonak.

Sutra askotan Shakyamuniren dizipulu nagusi batzuk zigortu egiten dituzte, gaitasun intelektualekiko eta euren baitan bildutako praktikarekiko zuten atxikimendu harroa zela-eta, "euren argialdiaren haziak erre dituzten" pertsonak izateagatik. Hala ere, Lotoaren Sutran Shakyamuniren irakaspenen sakontasunak, horiengan umiltasun eta errukiaren espiritua esnarazten du. Haiek ulertzen dute pertsona guztiak modu korapilatsu batean erlazionatuta daudela euren argialdiaren bilaketan, eta gure zoriontasuna nahi badugu, aginduzkoa dela besteen zoriontasunagatik saiatzea.

Sutra horretan, gainera, Shakyamunik frogatzen du berak, egia esan, argialdia iragan amaigabean lortu zuela, eta ez egungo existentzia honetan, bere jarraitzaileek onartu zuten bezala. Horrek azaltzen du, bere bizitzaren adibide zehatzaren bidez, argialdia lortzeak ez duela esan nahi norbera ez den zerbaitetan bihurtzea. Aitzitik, barnean jadanik existitzen den berezko egoera "naturala" ezagutaraztea esan nahi du.

Daisaku Ikedak idatzi duen bezala, Lotoaren Sutra, funtsean, indarra ematen duen irakaspen bat da. "Pertsona baten barne determinazioak dena aldaraz dezakeela erakusten digu; giza bizitza bakoitzean berez dagoen duintasun eta ahalmen amaigabeari oinarrizko adierazpen bat ematen dio".

Copyright © SGEs 2010 || Legezko abisua || Diseinua eta Ikuskera PPH & JCJ || Vàlid CSS || and XHTML