Jatorri historikoa eta soziala
SGI mugimenduak, XIII. mendean Japonian bizi izan zen Nichiren izeneko monje budistaren filosofian du bere jatorria. Nichirenen irakaspenek adierazten dute pertsona bakoitzak, bere arraza, generoa, gaitasuna edo izaera soziala edozein izanda ere, ahalmena daukala eguneroko bizitzan azaltzen diren erronkak gainditzeko eta balio eta sormen handiko existentzia bat garatzeko, baita komunitatean, gizartean eta munduan positiboki eragina izateko ere.
Nichirenen filosofia, budismoaren fundatzaile historikoa den eta duela 2.500 bat urte Indian bizi izan zen Shakyamuniren irakaspenetan oinarritzen da. Nichiren konturatu zen Lotoaren Sutrak budismoaren irakaspenen mamia eta Shakyamuni argitu zen egia daukala. Sutrak ezagutzera ematen du, "budaren izaera" izenaz ezagutzen den printzipio unibertsala bizitza-forma guztiek berez dutela. Esandakoaz gain, pertsona guztiek argialdia edo iluminazioa erakusteko gaitasuna dutela baieztatzen du.
Nichirenek irmoki sinesten zuen, budismoak mundu errealean bizi eta benetako arazoei aurre egiten zieten pertsonei indarra ateratzeko eta euren bizitzaren norabidea errotik aldatzeko aukera ematen ziela. Nichirenen budismoak, bakoitzaren zoriontasunaren eta besteenaren artean dagoen lotura sakona azpimarratzen du. Satisfazio pertsonal handiena bizitzan burutzapen osoa lortzea da, pertsonen zoriontasunagatik ahaleginak eginez gauzatzen dena.

