castellano castellano català català galego galego
Soka Gakkai >> Nazioarteko Soka Gakkai >> Soka Gakkaiko 3 presidenteak

Soka Gakkaiko 3 presidenteak

1930ean sortu zenetik, Soka Gakkaiko kideak segidako hiru presidente fundatzaileen legatu espiritualean inspiratu dira.

Tsunesaburo Makiguchi

Makiguchi

Tsunesaburo Makiguchi 1871ko ekainaren 6an, Niigatan (Japonia) jaio zen. Hezitzaile gisa, bere adore eta begiruneagatik ezaguna izan zen. Hauxe izan zen Makiguchiren kezka nagusia: garaiko hezkuntza-sistema berritzea, pentsamendu askea etsiarazi eta ikasleen sormena erreprimitzen zuelako. Bere ustez, hezkuntzak Estatuaren interesen alde egin beharrean, ikasleen zoriontasunean arreta jarri behar zuen. Hezkuntzari buruz zituen ideiak, eta balioa sortzeari buruzko bere teoria, 1930ean Soka Kyoikugaku Taikei (Balioa Sortzeko Teoria Pedagogikoa) izeneko liburuan azaldu zituen, non gobernu militaristaren logika ezeztatzen baitzuen, gobernu horren asmoa estatuaren zerbitzari esaneko eta zintzoak trebatzeko hezkuntza erabiltzea zelako. Tragediak Makiguchiren bizitza jipoitu zuen, bere lau anaietako hiru hil egin zirenean. Bizitzaren eta heriotzaren esanahia miatzeko behar sakona sentituz, zenbait testu budista aztertu zituen. 1928an, 57 urte zituela, Makiguchik Nichiren Daishoninen budismoan bere pentsatzeko moduarekin bat zetorren filosofia aurkitu zuen. Bi urte geroago, 1930eko azaroaren 18an, berak eta bere laguna zen Josei Toda jaunak, "Soka Kyoiku Gakkai" (Balioa Sortzeko Hezkuntza Elkartea) sortu zuten. Hasieran, irakaskuntzan lan egiten zuten hezitzaileen talde txiki batek osatzen zuen, baina pixkanaka-pixkanaka erakundea budismoa praktikatzera eta ikastera bideratzen hasi zen. Makiguchi sinetsita zegoen, gizabanakoaren barne-aldaketaren bidez gizartea aldatzean arreta jartzen zuen filosofia hau, berak eta bere lagunek euren hezkuntza-esfortzuen bitartez lortzen saiatu ziren funtsezko erreforma soziala lortzeko bidea zela. 1937an, Makiguchi "Soka Kyoiku Gakkai" delakoaren lehenengo presidente bihurtu zen. Japonian barrena bidaiatu zuen kideei Nichiren Daishoninen irakaskuntzenganako fedea sakontzen lagunduz eta ikasketa-saioak emanez. Horrela hasi zen, elkarrizketako bilerak egiteko ohitura. Talde txikiak ziren eta jendeak ikuspuntuak elkarri kontatzen zizkion eta beren praktika budistaren esperientziak konpartitzen zituzten. 1942an, 30.000 pertsonek osatzen zuten erakundea. Bigarren Mundu Gerran, gobernu militaristak Shinto izeneko erlijioa Estatuko erlijio gisa inposatu zuen. Presioa hainbesterainokoa izan zen, ezen baita apaizek ere, Nichiren Daishoninen irakaskuntzen garbitasuna babesteaz arduratu zirenak, Makiguchiri Shinto talismana onartzeko erregutu baitzioten. Makiguchi horren kontra jarri zen. 1943ko uztailean, Makiguchi eta Toda, Soka Kyoiku Gakkaiko beste buruzagi batzuekin batera, "gaizkile ideologikoak" izatea leporatuta atxilotu zituzten. Gainerakoek atzera egin zuten eta aske utzi zituzten, Makiguchi eta Toda izan ziren irmo eutsi zioten bakarrak. 1944ko azaroaren 18an, Makiguchi espetxean janari faltaz hil egin zen. Todak, bi hilabete beranduago, bere maisua hil egin zela jakin zuenean, munduari Makiguchiren mezua helaraziko ziola zin egin zuen.

Josei Toda

Toda

1900eko otsailaren 11an, Hokkaidon (Japonia) jaio zen. 1920an, Todak Makiguchirekin topo egin zuen, garai hartan Tokioko lehen hezkuntzako eskolako zuzendaria zena, eta bere jagolea aurkitu zuela jakin zuen. Makiguchirekin batera espetxean eman zituen urteetan, ordu luzeak igaro zituen budismoa ikasten eta Nam-myoho-rengue-kyo kantatzen. Nichiren Daishoninen irakaskuntzaren esentzia ulertzea lortu zuen eta ahalik eta jende gehienarekin konpartitzea erabaki zuen. Aske utzi zutenean, 1945eko uztailaren 3an, 50 kilo nekez pisatuko zituen. Bere familia elkartu zuenean, Soka Kyoiku Gakkai berrezartzea erabaki zuen, ezinezkoa zirudien arren. 1947ko abuztuan, Daisaku Ikeda izeneko gazte batek Josei Todak zuzendutako bilera budista batean parte hartu zuen. Abertzaletasunari, gerrari eta bizitzeko modu zuzenari buruz galdetu zuen Ikedak. Bere galderei bete-betean erantzun zitzaien. Daisaku Ikedak budismoa praktikatzeari ekin zion, bere denbora ikasteari eta Todari laguntza emateari eskainiz. 1951ko maiatzaren 3an, Josei Toda Soka Gakkai (Balioa Sortzeko Hezkuntza Elkartea) entzutetsuaren bigarren presidente bihurtu zen. Fedeari dagokionez oso zorrotza izan arren, Todak bilerak informalki gidatzen zituen eta jendearen arazoak senez ezagutzen zituela zirudien. 1955ean, Daishoninen irakaskuntzak konpartitzeko ahaleginei esker, 100.000 familiak Soka Gakkairekin bat egin zuten. Orduan Todak berriro erabaki zuen bera hil aurretik 750.000 familiak Nichiren Daishoninen budismoaren praktikak dakartzan onurez gozatu beharko zutela. 1958ko martxoaren 16an, Soka Gakkaiko Gazteen Jaialdia egin zen. Todak, garai hartan oso gaixo zegoena, arma nuklearren erabileraren kontrako adierazpen bat egin zuen, benetan bakezalea den gizarte bat lortzeko erabakia bertan zeuden guztiek berrizta zezatela iradokiz. Hurrengo urtean hil zen. Bere ondorengoa, Daisaku Ikeda, 1960ko maiatzaren 3an hirugarren presidente bihurtu zen.

Daisaku Ikeda

Ikeda

Familia apal bateko semerik gazteena, 1928ko urtarrilaren 2an, Tokion (Japonia) jaio zen. Bere bizitza, anaia zaharrena hil zen gerraren oinazearen oroitzapen ezabaezinek bete zuten. Esperientzia horiek, gerraosteko japoniar gizarteak pairatu zuen larritasuna eta filosofia budistaren praktikak bere bizitza bideratu zuten, gizakien eta gizabanakoaren sufrimenduaren arteko gatazken arrazoiak errotik ateratzen ahaleginduz. Josei Todarekn izan zuen topaketa erabakigarria izan zen bere bizitzan. Ikedak, hamarkada bat baino gehiago, bere jagolearen ondoan lan egin zuen bake, kultura eta hezkuntzarako Soka Gakkai mugimendua prestatu eta garatzeko. Mugimendu horren garapena, bereak diren bi eleberri hauetan kontatzen du: "Giza Iraultza" eta "Giza Iraultza Berria". 1975eko urtarrilaren 26an, Guam izeneko irlan, SGI (Nazioarteko Soka Gakkai) sortu zuen, bakea, kultura eta hezkuntza bultzatzen dituen mugimendua. 1983az geroztik, urtero, Bake Proposamena idatzi eta Nazio Batuen Erakundera bidaltzen du. Literatur lanak, saiakerak, poesia eta arlo desberdinetako intelektual eta pertsona ospetsuekin izandako elkarrizketa ugari argitaratu ditu, hala nola: "Aukeratu bizitza" Arnold Toynbee jaunarekin, "Beranduegi izan baino lehen" Aurelio Peccei jaunarekin eta "Giza balioak mundu aldakor batean" Bryan Wilson jaunarekin, besteak beste. Hona hemen berak idatzitako beste lan batzuk: "Buda biziduna", "Budismoa lehenengo milurtekoa" eta "Budismo txinatarra". "Giza Iraultza Berria" izeneko bere eleberria 1960an hasten da, Soka Gakkaiko presidente izatea bere gain hartu zuenean. Bere lehenengo paragrafoan zera diosku: "Ez dago bakea baino ederragoa den ezer. Beste ezerk ez du bakeak baino zoriontasun handiagoa sortzen. Bakea da gizateriak aurrera egiteko behar duen oinarrizko abiapuntua."

Copyright © SGEs 2007 || Legezko abisua || Diseinua eta Ikuskera PPH & JCJ || Vàlid CSS || and XHTML