Sorrera
Hezkuntzaren erreforma. Soka Gakkaik (hitzez hitz "Balioa sortzeko elkartea" esan nahi duenak) bere jarduerak 1930ean hasi zituen, hezitzaile erreformistek osatutako ikasteko talde gisa. Bere fundatzailea, Tsunesaburo Makiguchi (1871-1944), idazlea eta hezitzailea zen, eta Nichirenen budismoan inspiratu zen bere bizitza osoarekin Japoniako sistema pedagogikoa berritzearen alde lan eginez. Balioa sortzen duen hezkuntzaren bere teoria 1930ean argitaratu zen. Teoria horrek, honetan jartzen du arreta: Makiguchik pertsona bakoitzaren ahalmen mugagabean zuen uste sendoa; horrez gain, hezkuntza ulermena, jakituria eta garapenaren etengabeko bilaketa zela uste zuen.
Makiguchik enfasi berezia jartzen zuen pentsamendu askean, buruz ikastean baino gehiago, eta norberaren motibazioan onarpen pasiboan baino gehiago; horrela, garai hartako japoniar agintariei zuzenean aurre egin zien, haiek hezkuntza estatuarentzako subjektu esanekoak sortzeko tresna gisa ikusten baitzuten.
Gobernu militaristarekiko kontrakotasuna. 1930eko hamarkadan, Japonian, nazionalismo militaristaren goraldia herrialde horrek Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuenean bukatu zen. Gobernu militaristak estatu-sintoismoaren ideologia biztanle guztiei inposatu zien gerraren ideia goraipatzeko baliabide gisa, eta horrela disidentzia-modu guztiak eragotzi zituen. Makiguchik eta hurbilen zuen kideak, Josei Toda (1900-1958), euren uste sendoetan amore emateari eta erregimenari laguntza emateari uko egin zioten; eta horregatik, 1943an atxilotu eta kartzelaratu zituzten "kriminal intelektualak" zirela egotzita.
Bere printzipioetatik desbideratzeko ahaleginak egin arren, Makiguchi bere uste sendoei gogor atxiki zitzaien eta 1944an kartzelan hil egin zen.
Berreraikuntza gerraostean. Josei Toda esperientzia ikaragarritik bizirik atera zen eta gerra bukatzeko aste gutxi falta zirela askatu zuten. Gerraosteko Japonian nagusi zen nahasmenduaren erdian, Toda Soka Gakkai berreraikitzen hasi zen eta bere ekintza-eremua handiagotu zuen; hasiera batean, bere jarduerak hezkuntzaren esparrura mugatzen ziren, baina gerraren ondoren, gizartearen erabateko hobekuntzarantz hedatu ziren. Aktiboa eta sozialki konprometitua zen budismo modu bat sustatu zuen, pertsonak indartzeko baliabide gisa: bizitzako oztopoak gainditzeko eta berezkoak diren itxaropena, konfiantza, ausardia eta jakituria sorrarazteko modu bat, hain zuzen ere. Mezu hori, japoniar gizartean eskubiderik ez zuten pertsonen artean bereziki entzuna izan zen; eta hil baino lehen, 1958an, Soka Gakkai elkarteak jadanik milioi bat kide zituen herrialde osoan. 1957an, adierazpen ausart batean, Todak gazteei arma nuklearren abolizioa lortu nahian lan egiteko eskatu zien. Adierazpen hori, Soka Gakkaik bakearen alde egiten dituen jardueretan giltzarria izatera heldu zen.
Josei Todaren ondorengoak, Daisaku Ikeda, hogeita hamabi urte zituen 1960an Soka Gakkaiko presidente izateko erantzukizuna bere gain hartu zuenean. Ikedaren lidergoarekin, erakundeak hazten eta bere ikuspuntua hedatzen jarraitu zuen. 1975ean, Nazioarteko Soka Gakkai (SGI) sortu zen. Gaur egun, SGI elkartea 82 erakundek eta 190 herrialde eta lurraldetako kideek osatzen duten sare bat da, guztiek mundu hobea egiteko helburua partekatzen dutelarik. SGIren filosofia budistak bakea, kultura eta hezkuntza sustatzen dituen mugimendu bati eusten dio.

